XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Nire ikuspuntutik hitz egingo diat, sugin baten ikuspuntutik alegia: jainkoa suaren antzekoa duk.

- Bai horixe.

- Bihotzean bizi duk.

- Diotenez, jainkoa hitza duk, eta hitza arima...

- Arrazoimena! esan zuen Pavelek temati.

- Halaxe duk!

- Beraz, jainkoa bihotzean eta arrazoimenean bizi duk, eta ez elizan! Eliza jainkoaren hilobia duk.

Ama lo zegoen eta ez zuen entzun noiz joan zen Ribin.

Baina sarritan etortzen hasi zen, eta, Pavelen etxean lagunen bat izanez gero, bazter batean eseri eta isilik egoten zen; noizean behin soilik esaten zuen:

- Bai horixe.

- Halaxe duk!

Baina behin, bazterretik guztiei begiratu ilunez so eginez, gogoilun esan zuen:

- Orainari buruz hitz egin behar da, etorkizunaz ezertxo ere ez dakigu eta!

- Bai horixe!

- Herria askatzen denean, berak ikusiko du zer den onena.

- Gauza gehiegi sartu diote buruan, berak ezertarako nahi ez dituen gauzak; nahikoa da!

- Bere kabuz pentsa dezala.

- Beharbada, dena arbuiatzeko gogoa izango du, bizitza osoa eta zientzia guztiak; beharbada, dena beraren aurka zuzenduta dagoela konturatuko da, elizako jainkoa, esaterako.

- Zuek liburu guztiak jarri herriaren eskuetan, besterik ez, eta berak erantzun dezala.

- Bai horixe!

Baina Pavel bakarrik egonez gero, berehalakoan murgiltzen ziren eztabaida amaigabe baina beti lasaietan, eta amak urduri entzuten zuen haien elkarrizketa, arretaz aztertzen zituen, eta esaten zutena ulertzen saiatzen zen.

Batzuetan, bai mujik sorbaldazabal, bizar-beltza, bai bere seme lerden eta sendoa itsuturik zeudela iruditzen zitzaion.

Mutur batetik bestera ari ziren irteeraren bila, guztiari heltzen zioten beren esku indartsu baina itsuez, dena iraultzen zuten, leku batetik bestera aldegiten zuten, gauzak lurrera erortzen utzi eta gero oin azpian zapaltzen zituzten.

Guztiaren kontra jotzen zuten, gauza guztiak banan-banan haztatu eta urrunera botatzen zituzten, sinesmena eta itxaropena galdu gabe...

Gordetzen zuten zuzentasun eta ausardiagatik ikaragarriak ziren hitzak entzutera ohitu zuten.